Koronabirus gaitz kutsakorrak eragin duen konfinamenduak, Beasaingo azoka ohi bezala ezin burutzea ekarri du. Hori dela eta, Beasaingo Udalak baserritarrek eta lehen sektoreko ekoizleek jasaten ari diren egoera latzari ahal den neurrian konponbidea emateko, euren produktuak saldu ahal izateko etxez-etxeko salmenta sistema jarri du abian. 

Beasaingo azokara datozen saltzaile eta baserritarrekin harremanetan jarri ostean, etxez etxe salmenta egiteko borondatea agertu dutenen pdf zerrenda (4.73 MB) osatu du. Beasaindarrek eurekin harremanetan jartzeko moduak erabiliz, telefonoz edo posta elektronikoz, eskariak egingo dizkiete eta ondoren aukeratutako egunetan egingo dute banaketa. 

Antolaketa honen helburua garai zail honetan kaltetua suertatzen ari den herriko ekonomia sektore ahul eta hauskorraren egoera arintzea da. Jakina da asteartetako azoka eta hileko lehen larunbateko azoka berezia bertan behera geratu zirela ezarritako osasun alerta eta alarma egoeragatik. Udal gobernuaren lehentasunen artean egon da beti tokiko ekonomia eta merkataritza sustatu, babestu eta laguntzeko ekimenak aurrera eramatea. 

Beasaingo azoka taula

Beasaingo Arangoiti adinekoen egoitzan koronabirusaz kutsatzeagatik bigarren heriotza gertatu da. Joan den astean egoitzan kutsatu ziren lehenengo bi kasuetako bat izan zen lehen hildakoa. Gaur berriz, Arangoitin isolamendu egoeran zegoen gaixotuetako bat izan da.  

Guztira eta gaur arte, Arangoiti egoitzan 8 egoiliar kutsatu dira. Bestalde hiru langile ere kutsatuta daude eta isolamenduan daude.

Osasun alerta eta alarma egoerak dirauen artean egoitzako bisita-erregimenak itxita jarraitzen du eta osasun-agintariek kasu hauetarako protokoloak agindutako isolamendu-neurriak mantentzen dira.

COVID-19 pandemiaren bilakaeraren ondorioz, bihartik aurrera, apirilak 1, eta bestelako abisurik jaso arte, Urretxu, Beasain eta Ordiziako garbiguneetako ordutegi berria honakoa izango da: astelehenetik ostiralera: 9.00etatik 14:00etara. Larunbatetan: 9:00etatik 13:00etara.

Hiru garbiguneek udal zerbitzuak eta futsezko zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta erakundeak atendituko dituzte soilik.

Herritarrei garbiguneak ez erabiltzeko deia egiten zaie ezinbestekoa ez bada. Ordiziko eta Urretxuko garbiguneetan etxeko animalien (maskoten) gorpuak normaltasunez jasoko dira.

Beasaingo Udalak gogorarazten du, Ibilgailuentzako Zirkulazio Zerga ordaintzeko epea (azken eguna martxoaren 31rako aurreikusita zegoena) etenda dagoela gainontzeko udal zerga eta tasen antzera. 

Alarma egoera amaitzen denean, ordaintzeko borondatezko epearen azken data berria finkatuko da. Hori guztia webgunearen, udal aldizkariaren eta panel digitalen bidez jakinaraziko da.

Beasaindarrei gogorarazten zaie martxoaren 17an jakitera eman zenetik, udal zergak eta tasak ordaintzeko epeak etenda daudela Covid-19 koronabirusaren hedapenaren aurrean prebentzio neurriek eragindako alarma egoera amaitu arte. 

Edozein kontsulta edo zalantza dela eta, udalarekin harremanetan jartzeko bideak: 943 028050 telefono zenbakia eta Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikoa.