Azken egunetan bi PCR proba egin zaie egoiliar zein langile guztiei eta ez dago kutsaturik Beasaingo adinekoen egoitzan

Beasainen eta Goierrin orohar Covid 19az gertatzen ari diren kutsatzeak direla eta, Arangoiti Beasaingo adinekoen egoitzan arreta bereziarekin lan egiten dute adinekoen zaintza eta babesean. Hala, azken egunetan bi PCR proba egin dizkiete bertako erabiltzaileei eta langileei. Emaitzak ez dute kasu positiborik eman. 

Osasun-protokoloak ezarritakoa zorrotz jarraitzeko gomendioa betetzea ezinbestekoa da Covid 19-aren hedapena eteteko. Batez ere kate horretan adineko pertsonak direlako gaixotasunarekiko ahulenak eta hauek babestea ezinbestekoa da. 

Herriko elkarteek egiten duten lanari sostengua ematen jarraitzea eta ikusleen segurtasuna bermatzea lehenetsi ditu Beasaingo Udalak

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz Covid 19aren eraginez aurten atzeratutako ekitaldiak eta udazkenari begira aurre ikusitakoak burutu ahal izatea du eginkizun. Helburu hori betez, eta egungo osasun egoerak eskatutako segurtasun eta babes neurriak betez, datozen hiru hilabeteetarako antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte Xabier Matarranz kultura zinegotziak eta arlo honetako teknikariak Amaia Gomez de Segurak. 

Urte sasoi honetan ezagutzen diren kultur programazioak ezagutu izan diren moduan ez dira gauzatuko ageriko arrazoiengatik, Udazken kulturala esaterako. Halabaina, herriko kultur elkarte eta eragileen lana, gogoa eta ahalegina hilabete hauetan bizirik eta indarturik mantendu denez, pandemiaren eraginez azken hilabeteetan bertan behera geratu direnak eta urte amaiera bitartean antolatutako ekitaldiak gauzatu ahal izateko bidea eman du Udalak. 

Honetaz gain, kultura zinegotziak azpimarratu du, pandemiaren ondorioz gogor kolpatua izan den kultur industria eta arlo honetan lan egiten duten profesionalen alde eginez ezohiko egoera honek ezarritako mugak direla ere, ekitaldiak antolatzen jarraitzeko asmoari eutsiko dio Beasaingo Udalak. Hori horrela, kalean egin ohi izan diren ekitaldiak areto itxietan egingo dira, Usurbe antzokian eta Igartza jauregian esaterako.  

Honenbestez, musika emanaldiak, antzerki ikuskizunak, erakusketak, hitzaldiak, bertso saioak, eta beste hainbat ekitaldien xehetasunak aurkeztu dituzte hilabetez hilabete. 

Urrian

. 2tik 18ra: erakusketa Igartzako jauregian; “Beasaingo hezkuntzaren hastapenak eta bilakaera”, Europako ondarearen jardunaldiak zikloaren barruan kokatua. 

. 11an: XXIX. Aire zabaleko pintura lehiaketa, sariketa eta erakusketa Igartzan. 18:00etan sari ematea. Erakusketa 25a arte zabalik egongo da. 

. 17an: Aurtzaka dantza taldearen ikuskizuna Usurbe antzokian 19:00etan

. 18an: Euskadivarius (Igartza Musika Programa), Andre Mari Zeruratuaren parrokian, 19:00etan 

. 23an: Dantzaki dantza eskolaren emanaldia, Usurbe antzokian 22:00etan.

. 29an: argazki erakusketa, Argizpi. Beasain hiria lehiaketa. Sari ematea.

. 30an: Txistularien kontzertua, Usurbe antzokian 22:00etan.  

Aurtzakaren jaialdirako, Dantzakik eskainitako saloi dantzen erakustaldirako eta Goierriko txistularien kontzerturako sarrerak, urriaren 2an ostirala 18:30ean Usurbe antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira. 

Azaroan:

. 1ean: haur antzerkia, Botadun katua. Bi emanaldi; 12:30ean eta 17:00etan.

Lemniskata elkarteak, “Azaroa zientziaroa” zikloa burutuko du honako ekitaldiekin; Hitzaldiak 6, 13, 20, eta 27an. Kaiera liburu aurkezpena eta erakusketa. 

. 6an: udazkeneko bertso saioa. Usurbe antzokian 22:30ean. Aitor Sarriegi, Maddi Aiestaran, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Xabat Illarregi, German Urteaga. Gai jartzailea: Mikel Urteaga. Sarrera 6€.

. 10ean: Beasaingo paperak 28. alearen aurkezpena. Igartza 19:00etan. “Gudugarreta herri bildua eskualdeko historian”. 

. 12an: erakusketa Igartzan. Kimia Kanvariren Natura Change erakusketa eta liburuaren aurkezpena 18:00etan. Abenduaren 8a arte egongo da erakusketa ikusgai.  

. 13an: helduentzako antzerkia, “Igel euria”. Usurbe antzokian 22:15ean.

. 14an: Izaro. kontzertua Igartza Musika Programaren baitan. sarrera 25€

. 19an: margo erakusketa Asmube elkarteak antolatuta. Fatima Hajjiren margolanak. Igartzan. 

. 21an: Igartza Musika Beka. Iazko irabazleen emanaldia eta aurtengo lehiaketako entzunaldiak. Egun osoz Igartzan. 

. 22an: Loinatz abesbatzaren kontzertua. Igartza Musika Programa. Usurbe antzokian 12:00etan. 

 . 28an: Garazi Zabaleta beasaindarraren "Arah" proiektuaren emanaldia. Igartza Musika Programa. Usurbe antzokia. 21:00etan. sarrera 18€

Urriaren 16an jarriko dira salgai azaroan zehar izango diren kontzertuetarako sarrerak. 

Abendua

. 5ean: Antzerkia. Simplicissimus. Usurbe antzokian. Bi emanaldi, 20:00etan eta 22:15ean. 

. 27an: Loinatz abesbatzaren eguberriko kontzertua. Andre Mari Zeruratuaren parrokian 19:00etan. Igartza Musika Programa

Abenduari begira egun eta ordu zehatzik gabe daude hainbat ekitaldi eta horien berri aldian aldiko emango du Udalak. 

Gazte-lokalen erabiltzaileei gogorarazten zaie Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak 29. artikuluan hau xedatzen duela:  

"Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan jarduera oro egitea".  

Beasaingo Udaltzaingoak lokal horien jabe eta erabiltzaileei gogorarazten die araudia bete behar dutela, salaketarik ez jasotzearren eta birusaren transmisioa eteteko.

 

 

Musika eta kultur emankizunei eutsiz, Beasaingo Udalak bi musikari goierritar hauen emankizuna aurkezten du

Bizi dugun egoera berezi honek baldintzatuta bada ere, Beasaingo Udalak kultur ekimenak programatzeari eusten dio. Honela bada,  abuztuaren 27an, 22:00etan eta orain arte bezala, Covid-19aren eraginez segurtasun eta babes neurriak gordez, musika emanaldia izango da Eneko Dorronsoro (Ataun) eta Fredi Pelaez (Lazkao) musikarien eskutik . "Agirre" deituriko beraien azken lana aurkeztuko dute.

Banatzeko zeuden gonbidapenak agortu dira

(Igartza jauregiko aforoa mugatua dagoela eta aurreko emankizunetan egin bezala, 36 sarrera-gonbidapen jarriko dira eskuragarri eta erreserba egin beharko da. Izenematearen ordena izango da gonbidapena lortzeko irizpidea. Horretarako hesteka hau jarraituz galdetegia bete eta esandako lehen 36ak izango dira onartuak. Behin kopuru hori betetzen denean galdetegia itxita geldituko da.)

Emanaldira sartzeko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Kontzertua Goierri Telebistak grabatua izango da eta kontzertuaren hurrengo astean Beasaingo Udalaren YouTube kanalean ikusgai izango da.