Udalak onartutako laguntzak Covid 19aren ondorioz kaltetutako ostalariei, merkatariei eta zerbitzu alorreko negozioei zuzenduta daude

Eskaerak aurtengo uztailaren 19tik irailaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dira zaborren kasuan soilik, terrazenak zuzenean ezarriko dira

Beasaingo Udalak, pandemiak eragindako kalteak arintzeko xedez, udalerriko ostalariei, merkatariei eta zerbitzu alorreko negozioetako jabeei zuzendutako laguntzen artean zabor eta terrazetako tasetan hobariak ematea erabaki zuen. 

Hori horrela, Covid 19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz jarduera murriztua izan duten ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako jabeei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea irekiko da datorren astean. Hain zuzen ere, jasandako galerei aurre egin ahal izateko, kaltetutek zabor eta terrazetako tasak ez dituzte ordaindu behar izango 6 hilabetez.

Osasun-krisialdian bizi izan diren perimetro-itxieren ondorioz  bereziki kaltetutako kolektiboa izanik, urteko zabor eta terrazen tasen %50eko hobaria ezartzean datza laguntza honek eta 2. seihilekoari dagokion ordainketa epean gauzatuko da. Terrazen tasaren gaineko hobaria zergadun guztiei aplikatuko zaie zuzenean, beraz eskaera zaborraren tasarako bakarrik egin beharko da.

Hobaria jaso nahi dutenek aurrez eskabidea egin beharko dute. Hori egiteko epea uztailaren 19an hasi eta irailaren 15era arte luzatuko da eta Beasaingo Udaleko Igunera, herritarren informazio eta arreta bulegora, jo beharko dute edo udalaren web orrialdeko bulego birtualaren atalera. 

Eskabidea egiteko garaian pdf eskaera orria (38 KB) bete eta bertan eskatzen den dokumentazioa erantsi beharko da, besteak beste jardueraren titularraren NAN edo IFKren fotokopia  eta jarduera alokatutako lokal batean egiten bada hori ziurtatzen duen dokumentua.