Ostalaritzaren irekierarekin, herria perimetralki itxita dagoenez, bertan kontsumitu eta erosteko aukera aprobetxatzeak tokiko ekonomia bultzatzea dakarrela gogorarazten da

Covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 500 kasuetatik behera dagoenez udalerriko ostalaritza aretoek ateak ireki ahal izan dituzte. Ez da ahaztu behar ordea egoera honek hala iraun dezan udalaz gain ezarrita dauden arauak eta neurriak bete egin behar direla. Ezarri diren azkenak herrien itxiera perimetrala eta lagunen arteko bilkurak lau pertsonetara mugatzea izan dira. 

Helburua positibo kasuek gora ez egitea da herritarren osasun egoera babesteko eta besteak beste ostalaritzak ateak itxi ez ditzan. Gauzak honela, Udalak deialdi berezia egin nahi die herritarrei arauak eta osasuna babesteko neurriak zorrotz bete ditzaten. Arduratsu jokatzea ezinbestekoa da eta erantzukizun hori norberarengandik hasten da. 

Prebentzio neurriak ostalaritzan

Ostalaritzaren kasuan, Beasaingo establezimenduak ireki direla eta ezarritako prebentzio neurriak betetzeko beharra gogorarazi nahi zaie bai ostalari eta bai bezeroei. Laburbilduz nagusienak hauek dira:

  • Ordutegia: goizeko 06:00etatik  iluntzeko 20:00etara. 20:00etan, lokala eta terraza hutsik egon beharko dira.
  • Terraza-zerbitzua eskaini ahal izango da. Pertsona-taldeak 4 izango dira gehienez, eta mahai desberdinetako bezeroen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da gutxienez.
  • Establezimenduaren barruko edukiera % 50era mugatuta egongo da.
  • Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, lokalaren barruan zein kanpoan.
  • Ez da gomendatzen lokalaren barruan telebistan ematen diren kirol ekitaldiak ikustea. Lokaletik kanpo, udal-ordenantzak espresuki debekatzen du telebista edo musika-aparatuak jartzea .
  • Edukiera honela kalkulatu da: mahai altuetan eta kupeletan 2 pertsona mahaiko. Gainerako mahaietan 4 pertsona mahaiko.

Udalerrian kontsumitzeko aukera

Itxiera perimetralaren ondorioz udalerritik irtetzea eta sartzea mugatua dagoenez, egoera honek herrian erosi eta kontsumitzeko aukeraz baliatzea ekarri du. Udalak aukera hori aprobetxatzeko deialdia luzatzen die herritarrei tokiko merkataritza, ostalaritza eta ondorioz ekonomia sustatze aldera.