Leire Artola alkateak adierazi duenez, Osasun Publikoarekin elkarlanean jarraituz beraiekin adostutako neurriak indartuko dira kutsatzearen hedapena eteteko 

Espero bazen ere albistea ez da batere ona izan. Beasainen Covid 19aren ondorioz kutsatutakoen tasa kopurua igo egin da berriz ere eta gaurko datuek 763 kasuko inzidentzia metatua utzi du Beasain eremu gorrian mantenduz. Eguberriak utzitako ondorioa izan da. Familia eta lagunarteko bilkurek eraginda, positibo kasu berrien kopuruak gora egin du eta honek joera hori eteteko neurriak gogortzea ekarri du. Horren ondorio izan da LABIko aholku batzordeak hartu duen erabakia, beraz eremu gorrian dauden udalerriei konfinamendu perimetrala ezarriko zaie, Beasain barne.   

Honen aurrean, Leire Artola Beasaingo alkateak indarrean dauden debekuak betearazteko neurriak indartuko direla aurreratu du. Osasun Publikoarekin etengabeko harremanean, elkarlanean jarraitzen du Beasaingo Udalak eta beraiekin adostutako neurriak bete daitezen lan egingo du, azken emaitzak behartuta, aholkuak ematea baino debekuak zorrotz betearaztea beharrezkoa da eta. 

Horren harira, aipatu jende pilaketak (6 pertsona baino gehiagoko bilkurak), ostalaritzari ezarritako ordutegi eta salmenta murrizketak eta babes eta osasun neurriak direla ezinbestean bete behar diren arau garrantzitsuenetarikoak.

Udaltzaingoaren presentzia

Arau eta debeku horiek bete daitezen lan egiten jarraituko du Beasaingo Udaltzaingoak. Urtarrilaren 1az geroztik igande eta jai egunetan zerbitzua eskaintzen hasi da eta honekin batera bere presentzia kalean indartu da urteko 365 egunetan. Udal gobernuak honela legealdi hasieran hartutako konpromisoa bete du. Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua zabaltzeaz gain, aipatutako debekuak eta neurriak betearazteko eginkinzunean jardungo da udaltzaingoa.  

Herritarren erantzunkizuna 

Zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deialdia egin nahi izan du Leire Artolak. “Pandemia honen erredikazioak ahalegin handia eskatzen digu. Beasaindarren laguntza eskatzen dugu, arriskua gutxitzeko eta gure osasuna eta gainerako bizilagunena babesteko erantzukizunez jokatzen jarraitzeko”. Alkateak gaineratu duenez, “komeni da gogoraraztea ostalaritzaren sektorea ari dela gehien pairatzen Covid-19aren ondorioak eta horiek ere gogoan izan behar dira arduratsu jokatuz beraien egoera ere hobetu dezakegulako”.