Beasaingo Udalak Txilibutxof aisialdi taldearekin eta ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean, covid 19ak eragindako babes eta segurtasun baldintzetara egokituta antolatu ditu euskarazko udalekuak

Euskararen jakintza eta erabilera aisiarekin lotuta bultzatzea helburu duten udalekuak burutuko dira ekainaren 22tik uztailaren 31ra. Beasaingo Udalak, bizi dugun egoera berezi honek baldintzatuta osasun eta segurtasun neurriak kontuan izanda antolatu ditu udaleku irekiak Txilibutxof elkartea eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteen laguntzarekin.

Azken asteetako egoera aztertu eta hiru aldeek egindako bileren ostean, Udalak lehentasun duen euskararen erabilera sustatzeko, udaleku ireki formatuan eskainiko du zerbitzua astelehenetik ostiralera, goizez 9.00etatik 13.00etara. Hartzaileak, Haur Hezkuntzako 3,4 eta 5 urteko haurrak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak (1etik 6. mailara) izango dira. 

Udalekua 3 txanda ezberdinetan banatuko da. Txanda bakoitza bi astekoa izango da data hauetan banatua:  

  • 1. txanda: Ekainak 22- Uztailak 3  
  • 2. txanda: Uztailak 6- Uztailak 17
  • 3. txanda: Uztailak 20- Uztailak 31 

Kopuru mugatuak

Txanda bakoitzeko haur kopurua mugatua izango da. Izen ematea Ekainaren 8an, astelehena, irekiko da eta ekainaren 11n, osteguna, itxiko da. Beraz, gomendatzen da ahalik eta azkarren izena ematea. Haur bakoitzak nahi adina txanda aukeratu ditzazke. Izena ematean galdetegi bat bete beharko da. Galdetegi hau Txilibutxofen web orrian egongo da ekainaren 8tik aurrera. Galdetegia bete ondoren, erantzun-mezu bat bidaliko da datuak jaso direla jakinaraziz eta ordainketa egiteko jarraibideekin. Izen ematea behin betikoa izango da ordainketa egin ostean. Ordainketa egiteko azken eguna Ekainaren 12a izango da (12a barne). 

Haur Hezkuntzako umeen kuota txanda bakoitzeko 80 eurokoa izango da. Lehen Hezkuntzakoena aldiz, 100 euro. Familia ugaria izanez gero, Haur Hezkuntzako haur bakoitzak 70 euro ordainduko ditu txanda bakoitzeko eta Lehen Hezkuntzakoek 90 euro. 

Galdetegiarekin batera, hainbat dokumentu atxikituko dira sinatu beharrekoak eta hauek udalekuaren lehenengo egunean aurkeztu behar dira. Dokumentuak sinatuta aurkeztu ezean, haurra ez da onartuko. Batetik, haurrari argazkiak ateratzeko baimena sinatu behar da. Bestetik, haurra udalekura osasuntsu eramatearen ardura gurasoek bere gain hartuko dutela aitortuko dute. 

Osasun sailak agindutako babes neurriak bermatuko dira

Ez ohiko egoera honetan Osasun Sailak emandako gomendioak jarraituko dira:

  • 10 haurrez osatutako taldeak banatuko dira eta taldeak ez dira elkarren artean nahastuko. Talde bakoitzari espazio itxi bat egokituko zaio eta beti gune hori erabiliko dute. Erabiliko diren espazioak Txilibutxofen egoitza Urbieta etxean, Loinazko San Martin plaza azpian dagoen hizkuntza errefortzurako aretoa eta ikastetxeetako guneak izango dira.
  • Eskuak garbituko dira. 
  • Musukoak erabiliko dira segurtasun distantziak bermatu ezin direnean. 
  • Ahal den heinean, eguraldia lagun aire zabaleko ekintzak egingo dira.

Informazio edo argibideetarako idatzi helbide honetara Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.