Beasaingo Udal gobernuak covid 19aren eraginaren aurrean babes eta segurtasun neurriak indartzeko maskara berrerabilgarriak banatuko dizkie beasaindar guztiei doan. Banaketa errazteko, etxebizitza bakoitzetik pertsona batek jasotzea gomendatzen da 

Distantzia soziala eta higienea mantentzea betebeharreko neurriak badira ere, ezinbesteko babes neurria bilakatu da pandemia egoera honetan ahoa eta sudurra estaltzeko babesgarria. Hori horrela, joan den astean musukoen erabilera udalaz gaindiko agintariek derrigortu zutenean, udal gobernuak maskara berrerabilgarriak beasaindar guztiei doan banatzeko erabakia hartu zuen.

Udalak eskuratutako maskarak erabilera anitzekoak dira. 300 garbialdi jasateko gai diren kirurgiako maskara higienikoak datorren larunbatean, maiatzak 30, banatuko dira udalerriko bost toki ezberdinetan. 

Maskarak jasotzeko puntuak

Larunbat honetan goizeko 10:00etatik 12:00etara burutuko da maskaren banaketa. Ezkiaga auzoko Ezkierdi frontoian banatuko zaie kale hauetan bizi direnei: Oriako pasealekua, Zazpiturrieta, Arantzazu, Mateo Muxika, Ezkiaga etorbidea, Joan XXIII, Mariarats eta Lazkaibar auzoa.

Udalerriaren  erdigunean bizi direnentzat bi puntu jarriko dira; udaletxeko sarrera nagusiko arkupetan kale hauetakoei banatuko zaizkie: Kale Nagusia, Andra Mari, Martina Maiz, Igartetxe kalea, Jose Martin Arana, Bista Alai, Zaldizurreta, Esteban Lasa, Senpere, J. M. Iturrioz , San Inazio, Joan Iturralde, Dr. Fleming, Bideluze plaza, Karreratarren kalea eta Ugartemendi. 

Erauskin plazan aldiz kale hauetan bizi direnei: Erauskin kalea, Nafarroa etorbidea, Urbialde plaza, Oriamendi, Nekolalde eta Beasainmendi auzoa.

J.M. Barandiaran parkean jarriko den puntuan kale hauetako biztanleentzat: Garmendia Otaola, Martin Aranburu, Nabarro Larreategi, Foru, Mendeurren, Zapatari, Zelaeta berri plaza, Zelaeta kalea, Trenbide eta Barrendain plaza.

Eta azkenik Loinazpe ikastetxean; Loinaz auzoa, Anzizar auzoa, Igartzako plaza, Igartza Oleta, Usategi, Dolare, Katea, Peategi, Errementari bidea, Errekarte, Dulce Maria Loynaz, Anzizar kalea, Matximenta auzoa, Altamira, Garin auzoa, Gudugarreta auzoa, Arriaran auzoa, Astigarreta auzoa eta Salbatore auzoa.

Banaketarako herritarrez osatutako boluntario sarea

Eginkizun honetarako udal gobernuak herriko elkarte eta eragileengana jo du eta boluntario sarea osatzen ari da. Parte hartu nahi duen orok internet bidez eskuragai jarri den galdetegia bete beharko du izena emateko. Banaketarako jarriko diren mahaietan udalerriko etxebizitzen errolda egongo da eta bizitoki bakoitzean dauden pertsona kopuruaren arabera emango dira maskarak. Horretarako etxebizitza bakoitzetik pertsona bat bakarrik joatea gomendatzen da maskarak jasotzera.

Ekimen honekin udal gobernuak udalerriko biztanleria guztiak maskarak izango dituela bermatu nahi du. Honez gain, pertsonen arteko 2 metroko distantzia, eskuak maiz garbitzeko ohitura eta orohar higiene neurriak mantentzeko aholkuak gogoan izan ditzatela eskatzen die herritar guztiei.