Udalerri garbiagoa eta txukunagoa bilakatzeko bidean garbiketa sistema berria jarri du Udalak abian eta Beasain Txukun! leloa daraman ibilgailua kaleetan ikus daiteke jada 

Beasaingo Udalak eskuratu duen baliabide honekin, herri eroso eta bizitzeko atseginagoa izateko helburuari jarraituz indartu du kaleetako garbiketa zerbitzua. Garbiketa sistema berria egunotan ari da sakon garbitzen eremu publikoetako lurzorua.

Dekapatu zerbitzuak, lurzoruaren gaineko geruza zikina errotik garbitzen du. Ura eta garbikariak presio handian jaurtiz eta zorua eskuilatuz funtzionatzen du ibilgailuan dauden bi presio-bonbei esker (250 bar-etaraino iritsi liteke lanean). 

Urtean zehar, herriko espaloi eta espazio irekietako zoruak pasatzea da helburua eta horretarako egituratuta dago urte guztirako antolaketa.

Konfinamendu egoera baliatuz, azken asteetan udalerriko erdigunean ibili da lanean ibilgailua dekapatzeko makinez lagunduta. Izan ere jende gutxiago kaleetan ibiltzeak lan hau erraztu du. 

Lan erritmoari dagokionez aise eta arin ari dira kale garbiketako langileak. Barrendain plaza eta Iturriotz kaleko eremua 30 eguneko epean egiteko asmoa zen baina lehenago bukatzea espero da. Emaitza begi bistakoa gertatzen ari da. Zikina kentzeak jatorrizko itxura ekarri bait du hainbat lekuetan. Zer esanik ez sistema berria honekin lana errazteaz gain eraginkorragoa eta arinagoa bihurtu dela.

Desinfektatze lanak

Koronabirusak eragindako alarma egoera ezarri zenetik, garbiketa zerbitzuak udalerriko hainbat lekuetan desinfektatze lanak indartzea ekarri zuen. Bereziki jendea eta herritarrak gehien mugitzen diren lekuetan; hala nola, dendak aurkitzen diren merkatal eremu eta kaleak, Arana kalea (bi aldiz egunean), igogailu publikoak, edota osasun etxea, non egunero egin da garbiketa eta desinfektatzea. Udalak bertako arduradunen esker ona jaso du egindako lanagatik. Eginkizun hauetara gehitu diren langileez gain, ureztatzeko kamioia, erratz-makinak (ura eta garbikariekin) eta desinfekziorako motxila erabili dira eginkizun hauetarako.

dekapatua 1Garbitutakoa eta garbitu gabekoaren arteko aldea ikus daitekedekapatua 1