Maiatzak17, LGTBIfobiaren aurkako egunean, Beasaingo Udalak jendarte inklusiboa, zaintzailea eta proaktiboa aldarrikatu nahi du kolektibo honek pairatzen duen diskriminazioaren aurrean

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Ordutik, maiatzaren 17ak oso balio esanguratsua du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, kolektibo horrek gaur egun aurre egin behar dion diskriminazioaren aurkako eta eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzailea da eta.

Ehunka lagun hil dira gay, lesbiana edo transexuala izateagatik

Aurten, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinaturik geratu behar dugunez, ezin izango da kalera irten manifestatzera, baina, berdin jarraituko dugu salatzen sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; izan ere, ILGA txostenaren arabera, sexu orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du ehunka biktima hil direla, gay, lesbiana eta transexualak izateagatik.

Ezin dugu ahaztu, halaber, herrialde askotan LGTBI komunitateak diskriminazioari aurre egin behar diola mediku arreta jasotzeko orduan, Human Rights Watchek dokumentatu duen bezala. Diskriminazio horrek hainbat gaixotasun kronikoren arretan eragin dezake, eta, ondorioz, LGTBI pertsonak gaixotasun larriak izateko edo COVID-19ren ondorioz hiltzeko arriskuan egon daitezke bereziki.

Ez zaitzala LGTBIfobiak kutsatu

Beasaingo udaletik, maiatzaren 17an, jendarte inklusiboa, zaintzaile eta proaktiboa aldarrikatu nahi dugu, LGTBI kolektiboak oraindik aurre egin behar dien diskriminazio planoen aurkako borrokan eta eskubideak lortzearen alde ahaleginak batuko dituena. 

Uste dugu gizarte eragile guztien zeregina dela gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzea, gure lan agendetan LGTBI kolektiboarekiko konpromiso esplizituak hartuz, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen aurkako borrokan aurrera egin dezagun. 

Ulertzen dugu une honetan COVID-19ren gaia dela eta haren ondorioak lantzea lehentasuna direla, baina Beasaingo udaletik inoiz baino gehiago jarraituko dugu LGBTI pertsonen eta haien ingurunearen ondoan, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz, persona guztientzat berdintasuna eta askatasuna lortu arte.