Orain arte, konfinamendu egoeran ezarritako arauak modu eredugarrian bete dituzte beasaindarrek. Konfinamenduaren leuntzearen lehen fasean sartzean egoera berri baten aurrean aurkitu gara eta hemen iritsi dira jokabide aldaketak. 

Saltokiak eta, batez ere, ostalaritza establezimenduak ireki diren lehen egunean orohar, oinarrizko segurtasun, babes eta osasun neurriak ez dira bete hainbat herritarren aldetik. Bereziki, pertsonen artean bi metroko segurtasun tartea mantentzeari dagokiona. Tabernariekin udalak egindako bileren ondotik arauak ezarritako egoerara egokitzeko, taberna bakoitzaren terrazetako espazioak eta mugak adosten ari da. 

Gertatutakoa ikusirik, Udalak herritarrei gogorarazi nahi die erantzukizunez, zentzuz eta arduraz jokatzen jarraitu behar dela osasun agintariek adierazitako arauak betetzerako orduan. Gogoan izan behar da alarma egoeran jarraitzen dugula. Kutsatzeko arriskuak bere horretan jarraitzen du, eta ez da ahaztu behar gaixotasunarekiko ahulenak direnei, hots, gure adinekoak bereziki direla kaltetuenak. Hori dela eta, jende pilaketak saihestea eta edozein egoeran pertsonen artean gutxienez bi metroko distantzia mantentzea eskatzen da. Atzera egin ez dezagun gorde distantzia.