(Eguneratua 2020/04/14 17:00)

Koronabirus gaitzak eragindako seigarren pertsona zendu da Arangoiti egoitzan. 95 urteko urretxuarra izan da hildakoa eta positibo emandakoen artean aurkitzen zen. Ia astebete pasa da adinekoen Arangoiti egoitzan koronabirusak eragindako azken heriotza gertatu zenetik.

Orain arte egindako proben arabera, azken aste honetan ez da positibo gehiagorik egon. Sei egoiliar dira koronabirusaz kutsatuta positibo eman dutenak eta isolamenduak daudenak. Langileen artean aldiz lau dira baina kontrolpean daude. Egoera egonkor mantendu da azken egunetan. Kutsatu gehiago egon ez bada ere, heriotza bat gehiago gertatu da.

Beasaingo Udalak, orain arte egin duen bezala, kandela pizte herrikoia egitera gonbidatzen ditu herritarrak gaur 21: 00etan, herrian koronabirusaren ondorioz hildako azken pertsonaren oroimenez.

Osasun alerta eta alarma egoerak dirauen artean egoitzako bisita-erregimenak itxita jarraitzen du eta osasun-agintariek kasu hauetarako protokoloak agindutako isolamendu-neurriak mantentzen dira.