Alarma egoera bizi dugun honetan, bakardadean eta mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei laguntzeko bat-batean sortzen diren boluntario taldeak direla eta komeni da jakinaraztea badela martxan etxetik atera ezin diren diren pertsonen oinarrizko behar-beharrezkoak diren zerbitzuak emateko antolatutako sarea.

Izan ere guztion osasuna zaintzeko eta kutsadurak ez zabaltzeko modu arduratsu eta antolatuan jokatzea beharrezkoa da. Mugimenduak mugatu behar dira. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak eta erakunde publiko guztiek, hirugarren sektore sozialeko Sareen Sareak, Cáritasek, Gurutze Gorriak eta boluntariotza-agentziek parte hartu dute era koordinatuan, eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluan antolatuko dira, Osasun Sailaren eta lehendakariaren jarraibideen arabera. 

Sortu den ELKARTASUN ANTOLATUKO GUZTION ARTEAN sarearen helburua da premiarik handienak dituzten euskal herritarren premiak bideratuko dituen tresna bakar bat bultzatzea eta, aldi berean, osasun-kalteak saihestea, haientzat zein laguntzen dieten boluntarioentzat. Eginkizunak eguneroko bizitzako premiei erantzutea dira, hala nola premiazko hornigaiak eskuratzeko (elikagaiak, higiene- eta garbiketa-produktuak eta beste batzuk, betiere premiazkoak), zaborra jaisteko, Osasun Txartel Indibidualean agindutako sendagaiak biltzeko, maskotaz arduratzeko (paseatzera ateratzeko edo larrialdiko albaitaritza-arreta emateko) eta geroratu ezin diren izapideak eta kudeaketak egiteko.

Boluntarioen kasuan, parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira: 18-64 urte izatea, osasun-arazorik ez izatea eta datorren hilabetean, astean bi edo hiru egunetan, gutxienez bi ordutan laguntzeko prest egotea. 

Gurutze Gorriak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, 945-222.222 telefonoaren bidez, laguntza eskaerak jaso eta boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonen datuak ere jasoko ditu, haien parte-hartzea bideratuz. Caritasekin elkarlanean aritu nahi duenak, zuzenean 688 662773 telefonora dei dezake. DYAk ere bere aldetik 943 464622 telefonoa jarri du zaurgarritasun eta bakardade egoeran dauden pertsonen eskura aipatutako beharretarako.

Nolanahi ere, Osasun Sailaren eta lehendakariaren jarraibideen arabera garatuko da plan hau.