TAO-a eta azoka bertan behera geratu dira eta epe administratiboak eten egin dira. Udalarekin harremana telefonoz eta posta elektronikoaren bidez egin beharko da gaurtik aurrera

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako alarma egoeraren ondotik udal agintari eta teknikoek egindako bileran, uneko egoera aztertu eta zehaztu beharreko neurri berriei buruzko erabakiak hartu dituzte.

Orain artean hartutako prebentzio neurriez gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzkoak dira gehitu direnak gaurtik aurrera. Honela bada ondorengoak jarriko dira abian aldi baterako.

  • TAO zerbitzua bertan behera geratzen da.
  • Janari, arropa eta salmentarako bestelako produktuen azoka bertan behera geratzen da.
  • Edozein udal tramitaziorako epe administratiboak eten egingo dira.

Udaletxeko arreta zerbitzuari dagokionez aldatu egingo da. Edozein kontsulta edo tramite egiteko udal zerbitzuekin harremanetan jarri nahi duenak, ondorengo bideak erabili ahal ditu: Udalaren kanal elektronikoa (www.beasain.eus) eta bulego birtualaren atala (https://www.beasain.eus/bulego-birtuala) telefonoz 943.02.80.50 zenbakira deituz edo bestela Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatziz. 

Beasaingo Udalak berriz ere dei egiten die herritarrei etxean ahalik eta gehien geratzeko eta nahitaezkoak ez diren jarduerak ekiditeko. Beasaindar bakoitzari bere buruarekin arduratsu izatea eskatzen dio, gainerako bizilagunak ere babestu ahal izateko. Ildo horretan, azpimarratu nahi da garrantzitsua dela bereziki arduratsua izatea koronabirusaren aurrean komunikatutako higiene eta kontaktu neurriekin.

Udal agintari eta teknikoek bilera egin ondoren, Aitor Aldasoro alkateak neurri horiek guztiak gainontzeko udal taldeekin partekatu ditu udaletxean izan den Bozeramaileen Batzorde batean.