Udalak martxan jarritako egitasmo honen hirugarren urtea betetzen den honetan ikusle kopurua mantentzen da, 3.000 ikusle inguru urteko

Bigarren seihilabetekoaren programazioa 10 emanaldiz osatua egongo da, 9 kontzertu eta Musikenerekin egindako lankidetza hitzarmenari esker Beasainen musikari berrien emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da

Beasaingo Udalak musikaren alde sortutako egitasmoak indartsu jarraitzen du. Hirugarren urtez jarraian burutzen ari den Igartza Musika Programak jendearen harrera ona jasotzen jarraitzen du. Hori adierazten duten datuak agertu ditu gaurko aurkezpenean Xabier Matarranz kultura zinegotziak. Azken bi edizioetan ia 3.000 ikusle pasa dira urtero eta bataz beste kontzertuko 150 pertsona egon dira Igartzako jauregian, alegia, jauregia bete edo betetzear egon da hori baita Igartzako jauregiak gehienez hartu dezakeen jende kopurua Matarranzek aipatu duenez. 

Balorazioekin jarraituz, 2018ko lehen seihilabetekoan 7 kontzertuk eta hitzaldi batek osatu dute egitaraua eta 1.250 pertsona egon dira orotara. Iaz baino ia 250 pertsona gehiago. Igartza Musika Programaren helburuak eta apustua berdina izaten jarraitzen du, musikari lotutako kalitatezko emanaldi erakargarriak eta anitzak antolatzea bertako eta kanpotik ekarritako musikariekin, eta horren berri beasaindarrei eta oro har publikoari jakinaraztea.

Igartza jauregian burutu den aurkezpenean, bigarren seihilabetekoari dagokion egitarauaren xehetasunak  Xabier Sarasolak aurkeztu ditu. Orotara 9 kontzertu eta Igartza Musika Bekaren entzunaldia izango dira uztailetik abendura bitartean. Sarasolak adierazi bezala uda partean kontzertuak kalean eskaintzeko aukera lehenetsi da eguraldiak laguntzen badu, bestela Igartzako jauregia erabiliko da. Nabarmentzekoak dira iparraldetik datozen Manez eta kobreak uztailaren 19an, Briganthya talde beasaindarra abuztuaren 2an, Loinatz abesbatza eta Kalakan taldea elkarrekin urriaren 20an eta Euskal Barrokensembleren El Amor Brujo abenduaren 2an. Azken hau goi mailako ikuskizuna nazioarte mailakoa.

Egitarau oparoa eta anitza eta Sarasolak azpimarratu duenez, hasierako helburuei jarraituz, herriko elkarteekin elkarlanean, bertako musikari eta egileak eta kanpotik ekarri direnak uztartu nahi izan dira. Kalitatezko kontzertu eta emanaldiak dira antolatu diren eta Beasainen bertan izatea benetako luxua da.   

Egitarauaren xehetasun guztiak pdf programan (3.37 MB) aurkitzen dira.