Zortzi ekitaldik osatzen dute aurtengo lehen seihilabeteko programa eta musika estilo anitzeko talde eta bakarlarien emanaldiak eskainiko dira

Aurreko bi urteen ondotik, Igartza musika zikloak ikusle kopuruari eusten dio eta hirugarren edizio honetan ere Musikeneren, Jazpana elkartearen eta Lemniskataren parte hartzearekin antolatu da egitaraua

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoari eutsiz hirugarren urtez aurkeztu du Igartza Musika Programaren lehen sei hilabeterako antolatu diren ekitaldiak. Beasaindarrak musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko egitaraua aurkeztu dute Aitor Aldasoro alkateak eta programa egituratzeko ardura duten Arantxa Gastesi eta Xabier Sarasola Loinatz Musika Eskolako irakasle eta arduradunek.

Aurreko bi urteetan ikusle kopurua mantendu izana positibotzat jo dute antolatzaileak. Urte bakoitzean ia 3.000 pertsona izan dira kontzertuetara etorri direnak. Emanaldi gehienak Igartzako jauregian  izaten badira ere Usurbe Antzokia, kalea, San Martinen basilika eta Andre Mari Zeruratuaren parrokia ere erabiltzen dira kontzertuetarako.

Zortzi ekitaldik osatzen dute lehen sei hilabeteko egitaraua. Datorren larunbatean, urtarrilak 20 hasiko da KUP eta Vocalia taldeen emanaldiarekin San Martinen basilikan 19:30tan. Honen ondotik etorriko dira Tutti Frutti taldea otsailean, martxoan Conductus Ensemble Orkestra eta Loinatz abesbatza eta Musikene Sinfonietta, apirilean Ander Letamendiaren hitzaldia eta Tolosako Udal txistulari banda, maiatzan Igartza Musika bekaren sarituak eta ekainean Ruper Ordorika.

Aurtengo egitaraua osatzeko Jazpana Fest kultur elkartearekin, Lemniskata zientzia elkartearekin eta Musikene musika kontserbatorioarekin elkarlanean jardun dira antolatzaileak. Azken honekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, musika kontserbatorioko ikasleen kontzertuak eta Igartza Musika bekari esker talentu berriak Beasainen entzuteko aukera izango da.

Emanaldi ia gehienak doakoak izango dira.   pdf Ikusi egitarau osoa (2.94 MB)

igartzamusikaprogaurkezpe2018