Datorren ikasturterako haurren artean euskararen erabilera indartzeko zerbitzuak izenemate epea zabaldu du jada eta ikastetxeen bidez egin beharko da eta ikusirik ikasturte honetan zerbitzuak izan duen erantzun ona, doakoa den zerbitzu honek ez du kopuru mugarik ezarriko eta izena ematen duten haur guztiei irekita egongo da

Euskararen erabilera haurren artean indartuz jarraitzeko udal zerbitzuak ireki du datorren ikasturterako izenematea. Ikasturte honetan zerbitzuak izan duen erantzun ona arrazoi hartuta, udalak esfortzua handituko du eta datorren ikasturtera begira indartu egingo da hizkuntza errefortzurako zerbitzua.

Haurren euskararen erabilera indartzeko interesa duten gurasoek ikastetxeetara joan beharko dute izena ematera. Ikastetxeek ere euren aldetik, euskararen erabilera indartzeko  beharra duten haurrak bideratuko dituzte zerbitzura.

Amaitzear den ikasturteak utzi dituen emaitza onak ikusita (batez ere ikastetxe, guraso eta erabiltzaileen balorazioak aztertu ondoren) zerbitzua indartu egingo du Udalak datorren ikasturterako. Hori dela eta, zerbitzuan izena eman dezaketen haurren kopuruari ez dio mugarik jarriko eta guztiek lekua izan dezaten baliabideak jarriko ditu. Berritsu plaza azpian eta Txelotxe Ezkiaga auzoan dira zerbitzua eskaintzen duten espazioak eta 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago guztiz doakoa izanik.

Izena emateko lehen epea ekainaren 30ean itxiko da baina irailean berriz ere izena emateko aukera izango da baldintza berdinetan.

Ikasturte honetako emaitza onak

Joan den azaroan esleitu zen Beasaingo haurrentzako hizkuntza errefortzurako zerbitzua. Ttakun enpresa lasartearra izan zen esleipenduna eta abendua ezkero lanean jardun da Berritsu eta Txelotxen. Guztira 2005 eta 2012 bitartean jaiotako 180 haurrek izena eman zuten.

Ikastetxeek bideratutako haurrak, Alkartasuna Lizeotik 71, Murumenditik 67, La Salletik 40 eta Andramendi ikastolatik 2 izan ziren. Guztira Txelotxen 63 haurrei eman zaie zerbitzua eta Berritsun 117ri. Haurrak adinaren arabera banatu ziren taldeetan. Orohar egin den lanari dagokionez ikastetxetik etxerako lanak zituzten haurrei laguntza eskaini zaie euskararen ikuspegitik, euskararen lanketa eskatzen duten dinamika eta jolasak landu dituzte eta azkenik, jolas librera tartea ere izan da.

Bestalde DBHko ikasleei zuzenduta, euskararen erabilera indartzeko zerbitzua ere eskaini da Udal Euskategiaren bidez ikasturte honetan. Behar berezia zuten ikasleei eskaini zaie zerbitzua ikastetxeetan bertan eta uda honetan hizkuntza errefortzuarekin jarraituko da datorren hilabetean.