Ohiko Visa kreditu txartelak dituen zerbitzuak eskaintzen ditu eta Antzizar Kiroldegira sartzeko eta Udal bibliotekan maileguak eskatzeko balioko du.

Bareak elkarteko dendetan erabiliz hainbat abantaila eskainiko ditu, doako da eta epeka ordaintzeko aukera emango du.

Beasaingo Udalak tokiko merkataritza, zerbitzuak, ostalaritza eta gizartearen garapen ekonomikoa indartzearen alde lanean jarraitzen du eta horretarako beste tresna baliogarri bat aurkeztu du Bareak merkatari elkartea eta Caja Rural aurrezki etxeko ordezkariekin.

Alkatea, merkataritzako zinegotziarekin batera Beasain Txartelak eskainiko dituen abantailez jardun da aurkezpenean. Teknologi berrien alde onari probetxua atera eta tokian tokiko kontsumoa bultzatzeko tresna gisa definitu du txartel berria. Kiroldegian sartzeko eta Udal bibliotekan maileguak egiteko balioko du eta bide batez herriko mugetatik kanpo erosketak egiterakoan Beasaingo irudia eta beasaindartasuna zabaltzeko ere balioko duela gaineratu du.

Bareak elkarteko ordezkari Eva Martinezek, erosketak Beasain Txartelarekin egiteak ekarriko dituen onurak azpimarratu ditu: erosketak epeka ordaintzeko abantailak, deskontuak lortzea, promozioetan parte hartu ahal izatea eta honela herriko merkataritzarekiko fideltasuna izatea.

Beasain Txartelak dituen balio eta ezaugarriak Beasaingo Caja Ruraleko ordezkariak, Josean Mendizabalek aipatu ditu. Funtsean edozein Visa kreditu txartelak eskaintzen dituen zerbitzuak ematen ditu. Baina doakoa da, ordainketak hiru hilabetetan ordaindu ahal izango dira inolako interesik gabe, txartela jabeak bere ohiko banketxean helbideratu dezake eta ez derrigor Caja Ruralen, doako aseguruak ditu eta Bareak elkartearen promozioetan parte hartzeko balio du. Eta noski, munduko edozein tokitan erosketa egiteko erabili daiteke.

Beasain Txartela hamabost egun barru izango da eskuragai. Horretarako eskaera orria bete eta NANaren kopiarekin batera, merkatari elkarteko dendetan edo Caja Ruralen egoitzan utzi beharko dira.