Euskaltegiko eta Udaleko ordezkariek ikasturte berriko matrikulazio kanpainarekin batera aurkeztu dute plataforma berria

Euskarri honen bidez Euskaltegiaren zerbitzua eta komunikazioan aurrerapausoa eman nahi da herritarrengandik eta batez ere ikasleengandik hurbilago egoteko

Beasaingo Udalak Euskaltegiaren egungo beharrei erantzunez web berria estreinatu du. Euskaltegiaren presentzia eta komunikazioa indartze aldera egindako apustua izan da honakoa. Web orri propioa izateak herritarrengandik eta batez ere Euskaltegiko bezero eta ikasleengandik gertuago egoteko balioko baitu.

Halaxe adierazi du gaurko aurkezpenean Aitor Aldasoro alkate eta hizkuntza politika saileko buruak, “egungo komunikazio beharrei egokitzeko horrelako ataria ezinbestekoa da jendearengandik gertuago egoteko, esku-eskura”. Lelo hau aitzakia hartuta, “esku-eskura”, udalaren web orri berriaren hedapenaren bigarren fase honetan erabilera eta kontsulta indartu nahi da.

Euskaltegiaren webak eskainiko dituen zerbitzuen berri emateaz gain, Mari Paz Martin, euskaltegiko zuzendariak, ikasturte berriaren hasiera urriaren 2an izango dela eta, matrikulazio kanpaina iragarri du. Aurtengo kanpainak “ongi etorri euskara” leloa dauka eta eskaintza ugari eta anitza egin dutela aipatu du Beasaingo Udaleko hizkuntza politika gauzatu eta garatzeko ahaleginetan. Iaztik A1, A2 eta B1 mailetako tituluak Udal Euskaltegian bertan eskura daitezke baina hortaz gain, astean 8 edo 10 orduko moduloak, hiru hilabeteko ikastaro trinkoak, aurrez aurreko klaseak eta autoikaskuntza, sektore ezberdinentzako euskara klaseak, xede berezietarako ikastaro edo tailerrak eta garrantzitsua dena, langabetuek doan ikasteko aukera dutela azpimarratzekoak dira. Herriko ikastetxeetan ere DBHko ikasleentzat hizkuntza errefortzurako laguntza ematen da udal Euskaltegitik.

Guzti honetarako tresna baliagarria izango da web orri berria, non datu eta informazio interesgarria eskainiko den. Orria garatzerakoan, kontutan izan dira Euskaltegiaren beharrak eta hauei erantzunez, zalantzak argitzeko txokoa du, sarrera probak on line egiteko aukera, gestio desberdinak, ikaslearen txokoa eta sare sozialetarako sarbideak ere badaude. www.beasain.eus/euskaltegia