Programa honek lehen seihilabetekoan mila ikusle baino gehiago izan ditu eskainitako 9 kontzertuetan eta bigarren seihilabetekoan 11 kontzertu eskainiko dira. Musikenerekin iaz sinatutako lankidetza hitzarmenari esker Beasainen Musikeneko ikasleen talentuaz gozatzeko aukera izaten jarraituko da

Udalak kulturaren aldeko apustu indartsua eginez jarraitzen du eta horren lekuko da bigarren urtez Igartza Musika programaren antolaketa. Musika ardatz hartuta Beasain kalitatezko eta maila goreneko emankizunen kokaleku bihurtzeko ahalegina lortzen ari da. Aitor Aldasoro alkateak nabarmendu du ahalegin horren lekuko iaz Musikenerekin sinatutako lankidetza hitzarmena dela. Honen bidez, musika kontserbatorioan dauden ikasleen talentuaz gozatzeko aukera lortu da Beasainen bertan.

Lehen seihilabetekoan eskainitako 9 kontzertuetan 1.017 pertsona izan dira. Eta iaz urte osoan 3.000. Beasain musika eta musikarientzat erreferentzia bihurtzen ari da eta herrira maila honetako emankizunak ekartzea luxua da, alkatearen hitzetan.

Igartza Musika zikloa herrialde mailan sona handia lortzen ari da, baina kontutan izanik Beasainera ekartzen ditugun musikari eta emankizunen maila eta kalitate gorena, herritarrak horretaz jabetzea falta da kontzertuetara etorri daitezen. Horretan ahalegin berezi bat egitea falta zaigula ikusten dugu. Hala adierazten zuen Xabier Sarasola Igartza Musika zikloaren antolatzaileak bigarren seihilabeteko programaren aurkezpenean.

Arantxa Gastesi lankidearekin batera, Sarasolak datorren seihilabeteko programazioa aletu du. Guztira 11 kontzertu izango dira eta tartean iaz bezala, azaroan Igartza Musika bekaren baitan, Musikeneko ikasleek eskainitako entzunaldiak egongo dira. Aurten berrikuntzetako bat programazioan Jazpana kultur elkartearekin kontzertu bat partekatuko dutela izango da eta Jazpana Fest jaialdiari lotuta, urrian Grande Days taldea eta Elena Setien abeslaria izango dira.

Egitarau oparoa eta anitza izango da Igartza Musika programaren arduradunen arabera eta bai ahotsezko, instrumentuzko, eta ikuskizunekin loturiko emanaldiak tartekatuko dira urte honen bigarren erdiari dagokion programazioan.

Egitarauaren xehetasun guztiak atxikitako programan aurkitzen dira.

  pdf 2017Igartza Musika Egitaraua uztailetik abendura (2.75 MB)