Beasaingo Udal Bibliotekak liburuak trukatzeko gunea inauguratu du. Ekimen honen helburua herritarrek etxean dituzten liburuak besteekin trukatzeko aukera eskaintzea da. Horrela, etxeko apalategietan ahaztuta dauden liburuei berrerabilpena ematea lortu nahi da.

Ekimenaren nondik norakoak aurkeztu dituzte bibliotekako arduradunek egindako aurkezpenean. Ekimen honetan parte hartu ahal izateko, bibliotekako sarreran apalategi bat egokitu da eta edozein herritarrak bertan utzi dezake liburua, trukean bertan dagoen beste bat hartuz. Aurretik, liburutegiko arduradunek liburuan jartzeko eranskailua jarriko diote etxetik ekarritako liburuari. Trukerako liburuak gai eta hizkuntza ezberdinetakoak izan daitezke. Bete beharreko baldintzen artean helduei zuzendutakoak izatea eta beste edonork irakurtzeko izango denez, egoera onean egotea eskatuko da.

Bide batez ere, euskarazko liburu gomendatuen katalogoa aurkeztu da. Bertan, adin guztietako irakurleentzako euskarazko liburu eta argitalpenen gomendio sorta zabala aurkitu daiteke.

Euskarazko liburuen katalogoa 2017 (PDF)

Inaugurazio honekin batera Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren barruan apirileko bibliotekako euskarazko liburuak mailegatu dituztenen artean egindako zozketan, Izaskun Garmendia Garmendia izan da irabazlea eta 30€ko erosketa txekea eman dio Xabier Matarranz udaleko kultur zinegotziak.

Inaugurazio ekitaldia amaitzean, Beasaingo irakurle taldeak udal bibliotekan burutu du lehen aldiz bere hileroko saioa eta hemendik aurrera hala burutuko du.